Lehoikumeen presioa

Villalibre eta Aduriz / Argazki: AS

Gorka Guruzeta, Asier Benito, Asier Villalibre, Iñaki Williams, Sabin Merino… Asko izan  dira Bilbao Athleticek azken urteotan atera dituen aurrelariak eta ez txarrak berezi. Hori gogoratzea batzuetan gomendagarria da.

Lezamako jokalari gehienek presio handia eramaten dute sorbaldetan, batez ere nagusitasuna heltzen dutenean. Gure filosofiaren berezitasun ezberdinak, konparaketa mordoak egitera bultzatzen gaitu jokalari gazte interesgarri bat agertzen den bakoitzean. Atezaina bada Iribar berria izango da, defentsa gogorra bada Goikoetxea, klaseko erdilari bat da Julen Guerrero, eta batez ere golegile bat bada ARITZ ADURIZ berria izango da. Beste posizioetan ez ditugu arazo gehiegirik izan azken urteotan, konparaketa txantxa bat bezala geratzen da, baina golarekin arazo asko ditugu Aritz Aduriz jauna erretiratu zenetik. Hori bai, aurrelariak diren lehoikumeen presioa askoz lehenagotik dator.

Ez dut ezer berririk deskubrituko, baina Adurizek egin zuena 30 urteen gainetik ez du inolako zentzurik. Ezin da eredu bezala hartu behetik etortzen direnentzat, sinestezina zelako. Athleticen hirugarren etapa hasi zuenetik, lekukoa bilatu zaio Bilbao Athleticen, noski 30 urtetik gorako aurrelari bat zelako, eta zoritxarrez betirako ez litzatekeelako egongo aurrean golak sartzeko. Presio handia bota genion “lekukoari”: Sabin Merino. Debut bikaina egin zuen Bartzelonaren kontra, handia zen, buruz ondo zihoan… Baina zaleen aurreikuspenak ez zituen bete. Ondorioa, mutikoaren gainean presio gehiago jartzea jokalari txarra zela esanez Athletic utzi zuen arte. Kasu deigarriena Asier Villalibrerena da. 16 urte (16!) zituenetik “Athleticen etorkizun golegilea” izatearen etiketa jarri zitzaion. Nola ez, Aduriz berria. Lorcan eta Valladoliden gauzak ez zirenez ondo atera, bitxikeri hau porrot bat zen jada 20 urterekin. Athleticen atmosfera horrelakoa da, onerako zein txarrerako.

Adurizek Athleticen 31 urterekin arrakasta izaten hasi bazen, eman diezaiegun denbora behetik etortzen direnei. Berdin da Urain, Artola, Serrano edo Zarra deitzen badira, bidezkoak izan behar gara bakoitzak behar dituen denborekin.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.